BaT, Bi, HiRu, PrEsTtTtTt !!!!!
irane - 12-12-2006 22:31:16 | Categoria: Pertsonala --> Oihane
Ez dut ezertarako gogorik. Normalean izaten ez dudan sentimendua da. Gehienetan hain lanpetuta egoten naiz eginbehar guztiekin ez dudala denborarik nire bizitzak hartzen ari den norabidea aztertzeko. Nire betebeharrek itotzen naute.
Ez dakit dena behar bezala egiteko gai izango naizen. Gaur ez naiz nire burua ezer egiteko gai ikusten. Agian ez nago prest adin nagusitasunak dakarren ardurei aurre egiteko. Agian ez dut adin nagusitasuna merezi. Agian 16 urte izan beharko nituzke, horrela behintzat, zoriontsu biziko nintzake. Mundua gelditzeko indarrik banu, egingo nuke, duda barik. Baina kazetaritza ikasle desmotibatua besterik ez naiz. Zer egiten da kasu hauetan?
Badakit munduan nire arazoak ez direla ezer, badakit nire adineko gazte askok errealitate askoz ere gogor bateri egin behar diotela aurre egunero, baina zer nahi duzue, niri gertatzen zaizkidanak oso garrantzitsuak dira niretzat. Ziurrenik berekoi galanta naizela pentsatuko duzue, eta ez dizuet arrazoia kentzen. Berekoia izango naiz seguruenik, baina benetan diot ez dakidala bihar ohetik altxatzeko indarrak bilduko ditudan. Baina aldi berean, ezin naiz etxean geratu.
Goizean unibertsitatera joan behar naiz, praktika garrantzitsuak egin behar ditut, ezin ditut galdu, hor egon behar naiz. Egunero bezala, hor egon behar naiz. Eta arratsaldean zer? Arratsaldean arnas egiteko tarterik izango dut? Ba ez, tamalez, ez. Bazkaldu bezain laster lan egin behar dut. Eta gero zer? Arnasa hartuko dut? Ala arnas falta sumatzen jarraituko dut? Lanean bukatu bezain laster Bilbora joan behar naiz, ingelera daukat 8etatik 10etararte. Eta hori ere ezin dut galdu. Oso inportantea omen da ingelera gaur egun. Eta datorren astean gainera, azterketa daukat. Ingelera azterketa da, ez da unibertsitateko azterketa, baina hau ere gainditu behar dut, ezin dut hutsik egin. Eta asteburuan kanpora banoa? Irteeraren bat antolatzen badut nire NIA-rekin elkartzeko? Ez, asteburuetan ere lan egin behar dut, larunbat eta igandeetan ere lan egiten dut, gaueko hamarretan heltzen naiz etxera.
Astebururik ez nire agendan, eta hemen ere ezin dut hutsik egin. Klasean ezin dut hutsik egin. Lanean ezin dut hutsik egin. Ingeleran ezin dut hutsik egin. Ikastaro arraro horretan ere ezin dut hutsik egin.
Eta dena pikutara bidaltzen badut? Nire NIA-rekin bat egiteko denbora hartzen badut? Baina horrek ba al du garrantzia gaur egungo mentalitate kapitalistan? Egun ez baduzu produzitzen ez zara ezer. Aberasten ez bazara ez zara ezer. Inori ez zaio axola zurekin ondo sentitzen zaren, zure buruarekin eroso sentitzen zaren. Berdin du balore eta etikarik gabeko “pertsona” zaren. Hori guztia ez da garrantzitsua produzitzen duzun bitartean. Zerbait “produktiboa” egin behar duzu, ezin duzu denbora galdu zure barneko kontuekin. Beti %100a emateko prest egon behar duzu. Erresistentzia froga bat da bizitza eta ezin zara atzean geratu, ezin duzu minutu bat ere galdu. Bat, bi, hiru, prest!!!
Comentarios (0) - Referencias (0)